XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Horregatik huts egiten dute horrelako aldaketaren bat beharrezkoa den ekintzetan....

Aldaketak zera esan nahi du, gogoan dauzkadala aldi berean une honetan erreakzionatzeko aurrean daukadan gauza eta gero erreakzionatzea eskatuko didana ere bai.

Bata aurrean daukat, bestea atzean.

Baina beharrezkoa da atzean dagoen objektua bertan egotea geroko erreakziorako objektu gertagarri gisa.

Orduan bakarrik alda naiteke batetik bestera.

Irudimen hutsezko gauzei buruz, gauza gertagarriei buruz, egoera konkretuan jarriak ez dauden gauzei buruz jarduteko gaitasuna eskatzen du horrek....

Burutik gaixo dagoena ez da gauza horretarako, ezer abstrakturik atzemateko gai ez delako.

Gure gaixoak ez dira gai beren esperientzia konkretu eta zuzenekoaren parte ez den ezer imitatzeko edota horren kopiarik egiteko.

Horren adierazpide guztiz interesgarria da nola daukaten ikaragarrizko zailtasuna beraientzat esanahirik ez daukan esaldia errepikatzeko, hau da, horren edukiak ez baldin badu parekorik beraiek atzeman dezaketen errealitatearekin...

Nonbait horrelako gauzak esateak jarrera oso zaila hartzea eskatzen du.

Nolabait esateko, bi esferatan bizitzeko gaitasuna eskatzen du horrek, hau da gauza errealak egon daudeneko esfera konkretua eta esfera ez-konkretua, esfera gertagarri hutsa....

Gaixoak ezinezkoa du bietan bizitzea.

Esfera konkretuan bakarrik da bizitzeko eta jarduteko gai.

Arazo unibertsala, giza kulturaren izaera eta garapenerako aparteko garrantzia duen problema ukitu dugu hemen.

Enpiristek eta positibistek beti defendatu izan dute giza ezagutzaren egitekorik gorena gertakariak ematea dela, eta gertakariak besterik ez.

Gertakarietan oinarritzen ez den teoria airean eraikitako gaztelua litzateke, jakina.

Baina hori ez da erantzuna, benetako metodo zientifikoaren problemarentzat; alderantziz, horixe bera da problema, hain zuzen ere.

Izatez, zein da gertakari zientifikoaren esanahia?

Garbi dago horrelako gertakaria ez zaigula ematen behaketa ausazkoan edota sentipenezko datuen metaketa hutsean.